2009/04/29

Apirilak 29ko klasea, asteazkena


AMARA BERRIKO BIDEOA.



Gaur, apirilaren 29a dugu. Josemirekin eduki dugu klasea gaur eta hasi orduko, Amara Berri eskolari buruzko bideo bat ikusi dugu. Lehenik eta behin, Amara Berri eskolako batzuk hurrengo astean etorriko direla jakinarazi digu. Hori dela eta, berak eginiko bideoa ipini du.
Amara Berri eskolan Txiki Webeko txokoa dago. Bertatik egunero lau ikasle pasatzen dira. Txoko honetan bi ordenagailu daude eta hauekin, Txiki Weba lantzen dute egunero.
Ikastetxeko koordinatzailea ere hitz egiten hasi da eta honen funtzionamendua azaldu digu. Txikiek webak sortzen dituzte txoko honetan, Haur Hezkuntzako haurrek eginiko lanak sartu ditzakete, euren marrazkiak...egunero egunero lanak zintzilikatzen dituzte ikasleek. Irakaslearen rola azpimarratu nahiko nuke. Izan ere, dialogoetan oinarrituta dago bere jokabidea, gauzak nola egin behar diren sugeritzen du, nola egingo lukeen berak...
Haurrak ere hitz egiten azaldu dira bideoan eta Txiki Weba nola egituratuta dagoen azaldu digute. Egunero bertatik pasatzen diren haurrek orri batzuk bete behar dituzte, nola egin duten lana azalduz, zeintzuk izan diren egileak adieraziz, zer publikatu duten azalduz...
Hau gutxi balitz, haurrek diplomak jasotzen dituzte eginiko lanaren truke eta astero eginiko lana ere ebaluatzen dute.
Josemik etxean bideo bat ikusteko esan digu, "Irakaskuntzan...nola izan behar da teknologia erabilpen kritika bat?" izenburua zuena. Bideo hau Getariko 4 urteko gelan grabaturikoa da eta bertan gida turistiko bat nola egin azaltzen da. Hemen irakaslearen rola aurreko bideoarekin alderatuz, ezberdina da. Irakasleak aktiboko parte hartzen du eta zer egin behar den esaten du; eta haurrek kasu egiten diote. Hasieran irakaslea ipuina kontatzen ikusi da, gisa turistiko bat egiteko nolako informazioa behar duten landu dute, zer den gida turistikoa...
Honen ostean, irteera egin dute, gida turistikorako Getariko leku bat aukeratu ondoren. Argazkiak atera dituzte eta egun polita pasatu dute. Gelara itzuli direnean, gida turistikoa egiten hasi dira, argazkiak aukeratzen... Testua idatzi ondoren, azkenean denak batera eginiko lana ikusteko aukera izan dute bideo batean.
Ikusi ditudan bi bideoak oso ezberdinak dira. Amara Berriko bideoko haurrak helduagoak ziren, eta eurak soilik egiten dute lana egunero Txiki Webeko txokoan, nahiz eta irakaslea bertan dagoen eta sugeritu bakarrik egiten duen. Hemen ikasleek eurak egiten dute lana, arazoei irtenbidea bilatu behar diete... Beste bideoan,aldiz, haurrek soilik 4 urte dituzte eta gida turistikoa egiteko pausoak azaltzen ditu irakasleak. Irakaslearen presentzia hemen ezinbestekoa da. Teknologiaren aldetik, Amara Berriko bideoan teknologia berrietan zeharo sartuta dagoela eskola nabaritzen da, ikasleek ordenagailuak eta teknologia orokorrean primeran ezagutzen dute eta eurak soilik egiten dute lan. Bigarren kasuan, irakasleak ematen ditu azalpen guztiak eta teknologiak ez du hainbesteko garrantziarik, soilik argazki kamara eta bideoa erabiltzen dute, azken emaitza gisa.
Egia esan, Amara Berri eskolan aurrera eramaten den Txiki Web txokoa ez nuen ezagutzen eta harriturik geratu naiz haurrek teknologia nola kontrolatzen duten ikusi dudanean, zur eta lur geratu naiz. Baina teknologia berrietan hainbeste murgiltzea egokia al da? Askoren kezka da hau. Zaila da honi erantzun bat bilatzea, egokiena erdi bideko zerbait bilatzea izango litzateke. Egia esan, Txiki Webeko txokoan ikasleen arteko elkarrizketa edo dialogoa falta da, beste kasuan nagusitzen dena. Amara Berriko bideoan lana bakarkakoa zen, irakasleak ere sugeritu egiten zuen soilik...Esan bezala, erdi bideko zerbait topatzea eta aurrera eramatea izango litzateke egokiena.


2009/04/24

Apirilak 24ko klasea,ostirala

Ostirala dugu gaur. Egunero bezala, goizeko zortzietan klasea hasi dugu eta word-en sartu gara. Taulak nola egiten diren azaldu digu eta ondoren, gauzak probatzen hasi gara. DBH-en informatika eman genuen eta excel eta word-en programak landu genituen baina egia esan, excell nahiko ahaztuta nuen. Hala ere, segituan martxan jarri gara eta Danik emandako azalpenekin, berehala ulertu dugu excell-en funtzionamendua, ez baita zaila.
Excell-en taulak egitea hobea dela esan digu irakasleak, eta ni berarekin bat nator. Izan ere, word-en egitea askoz ere zailagoa da. Horregatik, egokiena excell-en egin eta word-era pasatzea litzateke.
Bi programa hauek aztertu ostean, gure ikastetxeko IKT-ari buruz egin beharreko lanaz hitz egin digu. Danik nola egin behar dugun azaldu digu, zer galderak egin behar ditugun... Gu, esaterako, hiruko taldeetan jarri gara eta astelehenean bertan bakoitza praktikak egin dituen ikastetxera joateko gelditu gara, apunteak hartu ahal izateko eta lanarekin ekiteko.
Honen ondoren, taldeko hiruak bildu gara eta gure ikastetxeko IKT-ari egin beharreko galderak idatzi ditugu, gidoi moduko bat eginez. Honi esker, galdera guztiak apuntatuta edukiko ditugu IKT-ari galdetzeko.

2009/04/22

Apirilak 22ko klasea, asteazkena


Gaur izan da Aste Santuetatik bueltako lehenengo eguna. Josemirekin aritu gara gaur.Informatikari buruz aritu gara klasearen hasieran, interneteri buruz hitz egin dugu...Informatikak zertarako balio duen hitz egin dugu. Teknologiaren menpe gauden edo ez eztabaidatu dugu, eta metodologia pedagogikoak duen garrantzia azpimarratu dugu. Ondoren, IKT-ri buruz egin behar dugun lana gainetik azaldu digu.
Klasean hitz egin dugunari buruz hausnartzen aritu naiz. Nire ustez, teknologia ez dugu erabili behar politagoa edo erakarria delako, erabilpena eta praktikotasuna bilatu diogulako baizik. Egokiena helburu pedagogikoak kontuan hartzea izango litzateke, eta hau kontutan harturik; teknologia txertatzea.



Teknologiak izugarrizko garapena izan duela esan beharrik ez dago. Argi dago garapen profesionalerako teknologia inportantea dela, baina badira hainbat gauza aldatu direnak. Irakaslearen rola, esaterako, aldatu egin da. Lehen bera zen ezagutza zuena eta trasmititu zezakeen bakarra; egun ez da horrela. Informazioa non-nahi eskura dugu eta irakaslea gidaria da soilik.
Teknologia baliotsua da oso gauzak ikasteko eta komunikatzeko. Hala ere, hasieran esan dudan bezala, teknologia behar bezala erabiltzea da guztiz garrantzitsuena. Behar dugunean erabiltzea, nolabaiteko praktikotasun hori ematea. Helburu pedagogikoak kontuan hartuta teknologia txertatzea, bestela, eginiko lana alferrikoa izango da.

2009/04/03

Martxoak 27ko klasea,ostirala

Gaur Danirekin lehen eguna dugu. Ostiraletan klase praktikoak egingo ditugula azaldu digu eta asteazkenetan, berriz, Josemirekin klase teorikoak emango ditugula jakinarazi digu.
Klase honetan ikasgaiari buruz aritu da irakaslea. Lehenengo klase egunetan ohikoa den bezala, ikasgaiaren nondik norakoak azaldu dizkigu eta ikastaroan zehar egingo duguna azaldu digu.
Ondoren, google bilatzailean aritu gara gauza gehiago ikasten eta gure kontu propioa eraiki dugu eta oso interesgarria iruditu zait.
Honen ostean, gure blog propioa eraiki dugu, bakoitzak berea. Hasieran, egia esan, arraroa egin zait egoera. Izan ere, sekula ez dut blog bat eraiki eta hasieran ez nekien oso ondo zertan datzan eta nola erabiltzen den. Klaseak bukatu ostean, blogean egutegi moduko bat idatzi behar dugula azaldu digu. Honako hau oso interesgarria dela deritzot. Izan ere, horrela egunero egiten duguna ez dugu ahaztuko. Klase interesgarriak izango direlakoan nago, eta gainera, asko ikasiko dugu eta etorkizunerako balioko digu; dudarik gabe.

Apirilak 3ko klasea,ostirala

Gaur ostirala, Danirekin aritu gara. Klase praktikoa eduki dugu eta gauza ugari ikasi ditugu. Lehenik eta behin. ikasgaiaren gaitasunak azaldu ditu irakasleak eta ondoren, ebaluazioaren inguruan aritu gara: zer lan egin behar diren, taldeka edo banaka egin behar den...
Hau azaldu ostean, Microsoft Office 2007 programa azaldu digu eta ondoren, bertan sartu gara. Ordu eta erdi inguru aritu gara programa berri honetan saltseatzen. Egia esan, ia gu danentzat berria izan da programa. Izan ere, etxean Microsoft Office dugu, baina aurreko bertsioa. Beraz, guretzat nahiko berria da.
Hala ere, gauza ugari ikasi ditugu eta oso gustura aritu gara. Guretzat baliogarria dela iruditzen zait eta etorkizunerako ere balio izango delakoan nago.
Gaurko klasearekin gauza ugari ikasi ditut. Esate baterako, ez nuen uste Word 2007-rekin hainbeste gauza egin zitezkeenik. Txundituta geratu naiz zenbat gauza egin daitezkeen. Gaurko klasean behintzat oso gustura aritu naiz eta asko ikasi dut.

2009/04/01

Apirilak 1 eko klasea,asteazkena



Argi eta garbi geratzen da teknologiak gure gizartean duen eragina. Orain dela 20 urte eta egun teknologiak asko aurreratu du eta horrek ere baditu bere arazoak.



Ikusi beste bideo hau: